
.png)

UPV/EHU Araba Motorsport-en ospakizun garaian gaude: 2025 honetan 10 urte bete dira taldea Vitoria-Gasteizko UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolan sortu zenetik. Horregatik, Motostudent txapelketako ibilbidea gogoratzeko tarte bat eskaini nahi dugu.
Lehen edizioa: 2015 - 2016
2015ean, UPV/EHUko ikasle talde batek Ingeniaritza Eskolari Motostudent talde bat sortzeko proposamena egin zion. Ideia zuzendaritzari gustatu zitzaion eta onartu zuten, Araba Motorsport jaio ahal izatea ahalbidetuz. Taldeak baliabide eta pertsona gutxirekin hasi zuen bere ibilbidea, izan ere, lehen edizioan 8 kide baino ez zeuden. Hala ere, horrek ez zuen motibazioa zapuztu, eta aurrean zituzten muga guztiekin ere, taldeak gure lehen motoaren diseinu eta fabrikazio osoa lortu zuen.
Urte hartan, taldeak Petrol kategorian izena ematea erabaki zuen, prototipoaren diseinu eta fabrikazio prozesua konplexutasun txikiagokoa baitzen. Urte horretan proba guztiak gainditu genituen, lasterketan parte hartu eta amaituz. Azkenean, 27 talderen artean 15. postuan geratu ginen.


Bigarren edizioa: 2017 - 2018
Bigarren edizio honetarako, taldekide kopurua handitu zen, baina ez gehiegi: 12 kide izan ziren guztira. Taldeak Petrol kategorian lehiatzen jarraitzea erabaki zuen edizio berri honetan. Oraingoan, aurreko edizioan lortutako esperientzia eta motibazioarekin, taldeak errendimendu handiagoz egin zion aurre prototipoaren garapenari. Edizio honetan, taldea Nafarroako zirkuituan zein Aragoiko zirkuituan zenbait proba egiteko gai izan zen. Horrek motoa hobeto ezagutzea eta lan sakonagoa egitea ahalbidetu zuen.
Bigarren edizio honetan, taldea 45 talderen artean 14. postuan sailkatu zen, aurreko edizioaren emaitzak “berdinduz”. Edizio honen ostean, taldeak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen: mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egitea.


Hirugarren edizioa: 2019 – 2021
2019an, taldeak Petrol kategoriatik Electrical kategoriara aldatzea erabaki zuen, emisiorik gabeko mugikortasun jasangarriaren alde eginez. Aldaketa honek babesleak bilatzen lagundu zuen, eta, horri esker, finantzaketa handiagoa lortu zen. Hala ere, ingeniaritzako zailtasun maila nabarmen handitu zen, esperientzia txikiagoa izateaz gain, diseinatu beharreko osagai gehiago baitzeuden. Taldekide kopurua apur bat jaitsi zen, edizio honetan 7 lagunek osatuz taldea. Horrek garapen tekniko hobea ahalbidetu zuen, funtsezkoa izan baitzen erronka berriari —lehen aldiz moto elektriko bat diseinatzea— aurre egiteko.
Abentura berriaren zailtasunak gorabehera, taldeak VI. edizioan parte hartu zuen eta Electrical kategorian gure estreinaldian 14. postuan amaitu genuen.


Laugarren edizioa: 2021 - 2023
Edizio berri honetarako, taldea kide berriekin indartu zen, eta guztira 20 lagunek osatu zuten. Taldeak aurreko edizioko filosofiari eutsi zion eta prototipo on bat garatzea lortu zuen, nahiz eta denboraz nahiko estu ibili. Galduko denbora berreskuratzen saiatzeko, eta ekitaldirako aste gutxi batzuk falta zirenean, akats bat gertatu zen, eta horrek lanerako erabiltzen zen tailerrean sute bat eragin zuen, prototipoarekin batera suntsituz. Hau errealitate kolpe handia izan zen, eta, jakina, Motorlanden moto bat aurkezteko aukera galarazi zigun. Hala ere, MS2an aurkeztu ezin izan arren, taldeak lan zoragarria egin zuen MS1 zatian, sailkapen orokorrean 16. postuan amaituz.
Prototipo bat aurkeztu ezinik egon arren, taldea ekitaldira bertaratu zen eta beste talde batzuen garajeak bisitatzeko aukera izan zuen, UCO Racing taldeko lagunei babesa emateaz gain.


Bosgarren edizioa: 2023 - 2025
Bosgarren edizioaren hasierak zailak izan ziren, aurreko motoarekin izandako ezbeharra oraindik presente baitzegoen, eta, gainera, taldeko hainbat kidek proiektua utzi behar izan zuten. Hala ere, taldeak ikasle berriak batu zituen eta kideen kopurua 33ra igo zen. Inkorporazio berri horiei esker, garapen nabarmena egin da bai sail teknikoetan, bai marketin eta finantza sailetan. Oraingoz, proiektua ondo ari da aurrera egiten, eta gure helburuak beteko ditugulakoan gaude.
Eskerrik asko gure babesleei, haien lankidetzarik gabe proiektu hau ezinezkoa izango litzateke. Haien laguntzari esker erronkak gainditu ditugu, talde bezala hazi gara eta helburu berrietara bidean jarraitzeko aukera izan dugu, lehiaketan postu ona lortzea barne.

